EUSKERA [ÉUSCARO]

MANIFESTU

Tradución: Koldo Izaguirre

SARRERA

Galiziako herriak daukan ondare inmaterial preziatuena, hizkuntza da. Hizkuntzak egiten gaitu galego, hizkuntzak ematen digu leku bat munduan.

AURREKARIAK

Galegook badakigu egoera politikoek eraginda, hizkuntza gurea bortxazko isiltasunaren tunelean sartu zela XVI. mende hasierako hamarraldietan, belaunaldi askoren bazterketa eta oinaze moral eta fisikoa ere ekarri zuela, baina harro gaude iragan miresgarria duen eta antzinatik datorren hizkuntza gureaz. Herri xeheak ahoz aho iraunarazi izanak eta XIX. mendeaz geroztik elite intelektualek egin zuten lanak bideratu zuten galegotasunaren elementu nagusia eta gure kulturaren oinarri behinena salbatzea.

Pertsona horien guztien eginahalak lortu zuen Galizia nazionalitate historikoa izatea eta autonomia politikoa edukitzea gaur egun, eta gobernu autonomiko desberdinek oinarriak paratu izan dituzte Galiziako hizkuntzaren berreskuratze sozialerako, batez ere hezkuntza, administrazio eta hedabide publikoen alorretan.

AURKEZPENA

ProLingua lanbide eta ideologia anitzeko pertsona talde batek sorturiko plataforma da, eta berariazko helburuak ditu galego hizkuntzaren promozioa Galiziaren beraren (eta inguruko eskualdeen) hizkuntza gisa eta benetako ofizialtasunera jasotzea, esan nahi baita, ia kasatua dagoen eremuetan erabilera normaltzea, hala nola enpresan, justizian eta bestelako zerbitzu publiko zein pribatuetan, hedabideetan bereziki.
Hau dela-eta, ProLinguaren helburu etsiezinak deklaratzen ditugu egungo 1983ko Hizkuntzaren Normalkuntzarako Legea eta 2004ko Galiziako Hizkuntzaren Normalkuntzarako Plan Orokorra, biek ere, hain zuzen, Galiziako Legebiltzarraren aho bateko onespena hartu zutenak.
Eskubide Estatu batean bizi gara, eta herritarrak garen aldetik eskatzen dugu bete dadila bere osotasunean hizkunzaren arloan daukagun legedia. Hala berean eskatzen dugu ez dadila hartu ezein neurririk galegook geure hizkuntza erabili, ikasi eta galegotasunaren ikurra bihurtzeko eskubidea murriztearren.

JOKAMOLDEA

-Plataforma honetako partaide izan nahi duten pertsonei eskatzen zaien betekizun bakarra da gure hizkuntzaren aldeko asmoa edukitzea, eremu guztietan, publiko zein pribatuetan, erabilera promozionatzeko.

-Galiziera galego guztien ondarea denez, uko egiten diogu hartaz jabetzeko edo talde zein ideologia jakinei atxikitzeko asmo orori. Horregatik dugu ProLingua plataforma anitza eta ez-alderdikoia.

-ProLinguakoak maila pertsonalean dira bazkide eta ez dakarte inolako talde edo erakunderen ordezkapenik.

-ProLinguak era guztietako ekinbideak erabiliko ditu bere helburuak lortzearren, baina inoiz ez da Prolingua bezala besteren ekintzetara atxikiko, bazkide guztiek dute askatasuna nork berak nahi duenera atxikitzeko.

-Ekinbideren batean ProLinguaren logotipoa ageri delarik, inoiz ezin azalduko du besterik, zernahi gisatakoa izanik ere.

-ProLinguaren ordezkaritza bazkide guztien esku dago berdintasun osoan, eta botere publikoekikoa ez da izango bere helburuen guztizko betetzea besterik.